XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esker onez (Doinua: Santa Jenobeba bertsoena).

Badakidanez nik gizon horri
askotxo diodala zor,
oraingo hontan, ordaindu asmoz,
bertso kantari banator.

Hain izan zinen gizon zintzoa
eta hain euskaldun jator
eskerrak eta mila goraintzi
Fernando Aire, Xalbador.

artean oso gazte nintzela,
etzait ahaztuko neri,
beraren bidez izan nuen nik
iparraldekoen berri;
hari entzunez ohartu nintzen
gu ez ginela bi herri,
nahiz muga batek egin nahi duen
herri bakarrez bi erdi.

Ume zelarik eskola utziz
artzain lanetan zen hasi,
jakinduria non den, ordea,
Xalbadorrek irakatsi.

Izadiaren liburutikan
burua zuela jantzi,
bertsoen bidez eskaini zigun
nahi dutenentzat ikasi.

Zein aberatsak izaten diren
bertsolari iturriak,
sakontasunez nolakoa zen
seinale oso garbiak,
agindu eta jende aurrean
bapatean ezarriak,
alargunaren arroparenak
bertso gogoangarriak.

Amodioa gauza tristea
esanez hasi kantuan,
era ederrez azaldu zigun
penazko sentimentuan
zenbat alditan murgildu naizen,
goibel nintzen momentuan!
bertso horien kantu isila
sendabidea orduan.

Sortetxeari zor omen zion
izana eta izena,
bere hitzetan garbi dakusgu
benetan maite zuena
Nere guraso oroi saminez
betetzen bazait barrena,
bertso horiek dira haientzat
dudan eskaintza onena.

Behin Donostian txistuka ekin
genion eta gogotik,
zer pentsatua bageneukake
isuri zuen malkotik.

Gizatasuna irten zitzaion
orduan ere golkotik
txistu artean denoi esanez
maite zaituztet oraindik
.

Lehen bertsotan esan bezala,
badizut ere hainbat zor,
ezin bestean neurri apalez
nere omena hara hor.

Zuk odolaren mintzoa utzi
baitzenigun hain maitakor,
eskerrak eta ikusi arte
Urepeleko Xalbador.